Urbilek Hernani Club Rugby Elkartea babestuko du V. Inklusibo Txapelketan
Urbilek, Hernani Club Rugby Elkarteak ekainaren 11rako antolatu duen V. Inklusibo Txapelketa babestuko du, "Aniztasunak elkartzen gaitu!" lelopean. Urbilek lehenagotik Hernani Club Rugby Elkartea babesten zuen, eta orain klubeko talde inklusiboaren babesle bihurtu da, kirolean inklusioari ikusgarritasuna emateko asmoz.
Ekainaren 11n, pandemiaren aurreko egiturari jarraituz, goizean, Landare-Tokiko errugbi zelaietan, Hernaniko taldearekin batera, Bultza Ligan jokatu duten estatuko beste 6 taldek hartuko dute parte.
Hernaniko Inklusibo Txapelketan talde guztiak izango dira garaile eta guztiek lortuko dute garaikurra. Gainera, talde batek eramango du Inklusibo sariaren txapela etxera. Talde bakoitzeko arduradun eta epaileek bost parametro izango dituzte gainerako taldeak baloratzeko: partaidetza denborari dagokionez eta jokoari dagokienez, joko garbia, alaitasuna eta giro ona eta taldearen maila teknikoa.
Horrez gain, arratsaldean sentsibilizazio jardunaldi bat izango da Hernaniko zentroan. Sentsibilizazio-saioak helburu bikoitza izango du. Alde batetik, herriaren aurrean inklusibitateari ikusgarritasuna ematea, eta bestetik, txapelketan parte hartzen duten guztiei espazio ludiko eta sozializatzailea eskaintzea, gure kultura ezagutaraziz. Taldeetako jokalariek kolore desberdinetako kamisetak jantziko dituzte, eta ondoren, talde guztietako jokalariak nahastuko dira koloreka.
Jardunaldia sarien banaketarekin amaituko da, Klubak antolatzen duen XVIII. Garagardo Azokan, Xabi Prieto futbolari ohiaren eskutik, Euskadiko Errugbi Federazioko, Hernaniko Udaleko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin batera.
Horrela, Urbilek aurrera jarraitzen du bere Origen-Jatorria jasangarritasun-proiektuan. Proiektu hau Nazio Batuen Garapen Jasangarriko 17 Helburuetan (GJH) oinarrituta dago, eta honen bidez, Urbilek ingurune hurbilarekin duen konpromisoa sendotu nahi du, oraingo honetan Klubak antolatzen duen sentsibilizazio-jardunaldia babestuz eta, horrela, kirol inklusiboa babestuz.